Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Zizurkil
2008ko abuztuak 20, Asteazkena

2008-04-12 | 15:46:14

Politika

Izendapen aldaketarik ez onartzeko eskatu dio ezker abertzaleak Udalari

«Herriko biktimei iseka egitea dela deritzote», erabakiarekiko desadostasuna agertzeko deia luzatu diete herritarrei

Zizurkilgo zenbait oroitarri eta plaza izenen aldaketa eskatu zuen duela egun batzuk Raul Vazquez PPko zinegotziak. Bere ustez, «Joxe Arregi eta Jose Luis Geresta etakideen omenez izendatuta dauden plaza hauekin, terrorismoaren etengabeko goratzarrea bultzatzen da». Eskaera hau etziko Udal plenoan eztabaidatuko da. Honen aurrean, Zizurkilgo ezker abertzaleak, Udalari eskatzen dio, «ez dezala onartu inongo izendapen aldaketarik, eta ez dezala biktimen oroitarririk kendu». Beraien esanetan, «Udalaren erabakiak garai bateko zauriak irekitzea besterik ez du ekarriko». Honenbestez, etzi 18:30ean Pedro Maria Otaño plazara joateko deia luzatu diete herritarrei, Udalbatzak egun horretan hartu asmo duen erabakiaren aurrean desadostsuna agertzeko.

Zizurkilgo ezker abertzaleak argi utzi du gaur egindako agerraldian, ez dutela biktima bat gehiago ere nahi, «biktima bakoitzak mina eragiten baitu, eta denek eragiten baitute sufrimendua". Hala, adierazi dute, beraiek prest daudela, «biktima gehiago egon ez daitezen lan egiteko, eta herri honen gatazka behingoz konponbidean jartzeko».
Goizeko agerraldian salatu dute ere, biktima kontzeptuaren erabilera «gaiztoa eta interesatua» egiten ari direla. Historiako gatazka guztietan, modu berean ez bada ere, beti izaten direla biktimak diote. Horregatik, argi dute, duela gutxi ETAk eraildako Isaias Karrasko biktima zela, baina baita Joxe Arregi eta Jose Luis Geresta ere.
Ekitaldian nabarmendu nahi izan dute ere, «herrian inongo babesik ez duten zenbaiten probokazio etengabea». Horren adibide jarri dute, eta aldi berean, gogor gaitzetsi, «Udalbatzaren erabakiz, presoen euskal herriratzearen alde jarri zen zapia kendu eta irudiak interneten jarri izana». Aipatzekoa da, 2007ko maiatzeko hauteskundeetan EAE-ANVk lortu zuela botoen gehiengoa, baina hau legez kanpo utzi zutenez EAJ-PNVk duela alkatetza.
Joxe Arregi zizurkildarra 1981eko otsailaren 4ean atxilotu zuten Madrilen. 9 egun geroago hil zen. Ezker abertzalekoek azaldutakoaren arabera, «8 egunez torturatua izan zen, 73 poliziek hartu zutelarik parte galdeketetan». Egun, Arregi etakide izan zela baieztatzen duen epairik ez dago.
Jose Luis Geresta ’Ttotto’ren inguruan ere ez dago epairik. 1999an, su etena indarrean zenean hil zen. Ezker abertzalekoen esanetan, «gorpuak zituen ezaugarriak erreparatuz, auzi medikuak ardgi azaldu zuen ez zegoela inongo aztarnarik bere buruaz beste egin zuela esateko. Hala, kasua artxibatu egin zuten». Beraien ustetan, estatuak egin zuena estaltzeko helburuarekin. Hori dela eta, «hauen omenezko plaza izenak eta oroitarriak kentzea, herriko biktimei, euren familiei eta zizurkildar guztiei egindako iseka dela».

 

 

Jasotako erantzunak:

Izendapen aldaketarik ez onartzeko eskatu dio ezker abertzaleak Udalari

Zizurkilgo ezker abertzaleak gaur goizean egindako agerraldia Joxe Arregi plazan

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.