
II. Mailako Gipuzkoako Txapelketaren finalera pasa dira Otaegi eta Mujika
Kirolak Eskualdeko zazpi aizkolari aritu ziren kanporaketetan eta hauetatik bik lortu zuten finalerako txartela.
asier imaz
II. Mailako Gipuzkoako Aizkolari Txapelketaren finala uztailaren 26ean jokatuko da Mendaron. 18:00etatik aurrera sei aizkolari lehiatuko dira finalean eta hauen artean Tolosaldeko bi aizkolari egongo dira: Joseba Otaegi (Zizurkil) eta Jexuxmari Mujika (Ibarra).
Kanporaketa lehia
II. Mailako Gipuzkoako Txapelketaren finalerako txartelak Usurbilen (Gipuzkoa) banatu ziren iragan igandean. 16 aizkolari bi multzotan lehiatu ziren. Hauetatik zazpi eskualdekoak ziren: Joseba Otaegi, Jexuxmari Mujika, Mikel Matxinandiarena (Leaburu), Mikel Belauntzaran (Berrobi), Xabier Alkizalete (Asteasu), Jokin Alkizalete (Asteasu) eta Iñaki Agirre (Ibarra).
Kanporaketa lehian aizkolari bakoitzak launa pago-enbor ebaki zituen; hots, bi kanaerdiko eta bi 60 ontzako.
Lehen txandan, Otaegi eta Ugarteburu jarri ziren probaren buruan hastapenetik. Hauek ez zuten arazorik izan sailkatzeko. Ondoren, eta hurrenez hurren, Telletxea eta Aratz Mugertza aritu ziren proban, eta hauek ere finalerako sailkatu ziren.
Bigarren txandan, Mujikak eta Ugaitz Mugertzak hartu zuten probaren burua hasieratik, eta lanerdietan ere azkarrenak izan ziren. Amaiera aldean ordea, Mugertzak behera egin zuen eta Zubizarretak egin zuen aurrera. Azkenean, Mujika eta Zubizarreta sailkatu ziren.
Otaegi eta Mujika indartsu
Otaegi eta Mujika finalerako lehen eta bigarren postuan sailkatu ziren. Eskualdeko bi aizkolariak indartsu daudela erakutsi zuten Usurbilen.
Kanporaketako sailkapen buruak, Otaegik, gorputzaldi onean aurkitzen dela aipatu zuen, «nahiz eta kanporaketara erreferentziarik gabe joan nintzen. Entrenamenduetan egur indartsuarekin aritu naiz eta ez nekien kanporaketan nolako egurrak egongo ziren. Finaleko lana bestalde, Usurbilgoa baino gustokoagoa dut». Finalean 4 kanaerdiko eta 60 ontzako bi enbor ebakiko dituzte.
############
Kanporaketa Sailkapena
II. Mailako Gipuzkoako Aizkolari Txapelketa
Lehen seirak finalera. (Eskualdekoak azpimarraturik).
1. Joseba Otaegi 08:29
2. Jexuxmari Mujika 09:00
3. Joxe Ugarteburu 09:13
4. Joxefelix Zubizarreta 10:19
5. Joxemari Teletxea 10:19
6. Aratz Mugertza 10:30
7. Ugaitz Mugertza 10:59
8. Mikel Matxinandiarena 11:09
9. Joxemari Esnaola 11:17
10. Javier Aranbarri 11:36
11. Mikel Belauntzaran 11:49
12. Xabier Alkizalete 12:25
13. Jokin Alkizalete 12:38
14. Iñaki Agirre 13:53
15. Jexux Oiarbide 15:00
16. Xabier Aranburu 20:36
############
Ikastaroak
Lorezaintzako proiektuak diseinatu, egin eta aurkeztea
ZIZURKIL, - 2008-10-01
© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta: tolosaldean@tolosaldekohitza.info
Internet Ehuntzen S.L.-k garatua
Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)
eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.