Edukira joan

Tolosaldeko Hitza

Zizurkil
2008ko azaroak 20, Osteguna

;2008-07-25;´Agintarien jarrerağ gogor salatu du Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak. Zizurkil Ertzaintzak prentsaurrekoan bildutakoak identifikatu eta arduradunei espediente zigortzailea ireki zien.

«Agintarien jarrera» gogor salatu du Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak

Zizurkil Ertzaintzak prentsaurrekoan bildutakoak identifikatu eta arduradunei espediente zigortzailea ireki zien.

asier imaz

Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanekoek agintarien jarrera «gogor» salatu zuten atzo Zizurkilen. «AHT gelditzea eta eztabaida sortzea» eskatu zuten AHTren zundaketa lanak egiten ari diren lekuan. Bertan Udaran ere AHTrik ez! lelopean salaketa ekimen ezberdinen egutegia aurkeztu zuten.

AHTren aurkako ekimenak

Elkarlaneko kideek «udaran oporrik ez» dutela hartuko jakinarazi zuten eta herritarrei hurrengo egunetan egingo dituzten ekimenetan parte hartzeko eskatu zieten. Atzo Zaldibian «AHTren aurkako akanpada iraunkorra» abian jarri zela aipatu zuten. Gaur bizikletaz bertara joango dira, bizikleta-martxan Tolosaraino itzultzeko. 18:30ean ongietorria egingo zaie tren geltokian merienda batekin. Etzi berriz, Ordizian manifestazioa egingo dute 20:00etan, «obren hasiera salatzeko». Uztaileko azken ekimena 29ean, asteartean, egingo dute: «Eskualdeko lurjabe guztiei zuzendutako bilera informatiboa egingo da. Bertan, Elkarlaneko abokatuak eta eskualdeko Elkarlaneko kideak egongo dira, lurjabeek zer eskubide dituzten, espropiazioen aurrean zer egin dezaketen eta beste edozein zalantza argitzeko. Kaltetu guztiak bilera horretan parte hartzera animatu nahi ditugu; izan ere, denen artean harremana sortzea eta une honetan hainbeste behar duten babesa eskaintzea da gure asmoa». Batzarra 19:00etan egingo da Tolosako Kultur Etxean.

«Dena EAJren eta PSOEren poltsikoak betetzeko»

Tolosaldeko AHT Gelditu! Elkarlanak atzo «agintarien jarrera gogor salatu» zuen, AHT «proiektu inposatzaile bat» dela azalduz. Adibide bezala lurjabeak aipatu zituzten: «inolako eskubiderik ez dutela aurpegiratu, eta baimena eman ezean, derrigorrez espropiatuko dituztela mehatxu egin diete». Proiektua jasangarria dela esatea Elkarlanaren esanetan «lotsagarria» da: «lurren desertizazioa gertatzeko arriskua egongo da, soinu ikaragarriak jasango ditugu, hainbat harrobi irekiko dituzte, uren bideak aldatuko dituzte eta hori dela-eta, zenbait iturri eta ur-putzu agortzeko arriskua egongo da. Hori dena EAJren eta PSOEren poltsikoak betetzeko».

Ertzaintza identifikatzen

Prentsaurrekoaren ondoren Ertzaintzako lau auto azaldu ziren Zizurkil Goian. Elkarlaneko kideak gelditu eta identifikatu egin zituzten, prentsaurreko materiala berriz «froga bezala» hartu zuten. Herritarren Segurtasunaren Legea hautsi zutelakoan. Hain justu, prentsaurrekoaren arduradunei espediente zigortzailea ireki zien.

Elkarlanetik azaldu dutenez, «benetako delitua AHT egitea da eta hori salatzen jarraituko dugu». AHTren aurka daudenak «kriminalizatu» nahi dituztela ere salatu dute.

© Tolosa Herria Hedabideak S.L. - Araba etorbidea 5, atzea 20400 - TOLOSA - Tel.: 943 65 56 95
Faxa: 943 65 00 18 - E-posta:

Internet Ehuntzen S.L.-k garatua

Tolosa Herria Hedabideak S.L.ko kideak: Galtzaundi Euskara Taldea
Bertako Hedabideak (EKT)

eta Tolosaldeko Berriak Kultur Elkartea: 77 gizarte eragile.